Independentziaren aldeko Aberri Egun "mundiala" antolatuko du Independentistak Sareak datorren apirilaren 8an Iruñean eta 2012. urtearen "garrantzi sinbolikoa baliatuz" nazio hausnarketarako deia zabaldu dio euskal jendarteari.
Aurtengoa "erronka garrantzitsua da independentziaren aldeko mugimenduarentzat. 1512ko Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta 1937ko Gernikako bonbardaketaren 75.a betetzen dira aurten, gure herriaren historian eta imajinario kolektiboan garrantzi eta eragin handia duten gertakizunen urteurren borobilak. Honi gehitu behar dizkiogu azken hilabeteetan irekitzen ari den aro berriak piztu duen ilusioa eta independentisten arteko elkarlanerako zabaldutako baldintza berriak. Aukera historikoa da herriaren erabakiari atea irekitzeko eta independentziari argi berdea pizteko.